Editorial: Gomylex
Número de páginas: 349 págs. 24.0 x 17.0 cm
Fecha de edición: 02-01-2017
EAN: 9788415176824
ISBN: 978-84-15176-82-4
Precio (sin IVA): 33,65 €
Precio (IVA incluído): 35,00 €
Argitalpen honen erabiltzaileak erraz antzemango duenez, lehen-lehenetsitako helburua dute orrialde hauek, hain zuzen ere, Zuzenbide ikasketak egiten ari den ikasle hori. Izatez, horrentzat izan nahi dute hauek lanabes lagungarri eta tresna eskuragarri.
Aspaldikoa da unibertsitateko irakaskuntzan ari garenontzat, euskara bera bertaratzeko gogoa, berori gure mintzamolde eta idazmoldea izan dadin. Zuzenbidearen sailetan, are nabarmenago, legelariak, mintzamenaz ez ezik, lumaz ere ontzen baitu bere jarduna. Hainbatez, jardun horretarako ereduak unibertsitateko fakultatean barneratzen ditu ikasleak eta begi-bistakoa denez, garai bateko hizkuntza bakar batetik oraingo hizkuntza aniztasunera igaro dira unibertsitateak eta hor dago, bere leku eta zereginen aldarri, euskara bera ere.
Orain dela mende laurdena ekin zioten Deustuko Unibertsitatearen Zuzenbide Fakultateak eta Euskal Gaien Institutuak lan horri eta aitzindaritza horren bitartez ere, fruitu emankor eta adierazgarriak ekarri dituzte euskararen arlora, zuzenbidearen sail desberdinetan. Hartara, duela hogei urte argitaraturiko lehen euskarazko eskuliburuek segida luzea izan dute eta erreskadan etorri dira, bata bestearen atzetik, osterantzeko esku erakutsiak, eskuliburuez at ere: lege testuak, hiztegiak... eta sarearen bidez moldaturiko errealitateak.
Ehun eta hogeita hamar urte betetzen dituen unibertsitate eta fakultate batentzat katebegi ederra da horixe, gerora ekarri duena hasierako ikasle euskaldunak oraingo irakasle euskaldunak izatea, katea ez dela eten zalantzarik gabe frogatzeko.
Egia esan, oro zen eginkizun aldi hartan eta premia larriei erantzun nahian, oinarrizkoenetik abiatu eta sail esanguratsua osatu zen, legelari nahiz euskalari talde baten bidez, hizkuntzaren kalitatea bermatu nahian. Helmuga zen zuzenbidean ere erabili beharreko hizkuntza duina eta egokia izatea, zuzena izateaz aparte. Terminologia juridikoa, esamolde juridikoak, euskaraz emandako legearen inguruko kontzeptualizazioa...hortxe zeuden, ageri-agerian eta jorratzailearen esperoan